XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Oihenarten metrika

1. Mundu guztiak dakienez Oihenart euskal metrikaren tradizioan berrizale eta ohitura zaharren urratzaile agertu zitzaigun.

Bera baino lehenagoko bertsogileen (vulgares versificatores deitzen dituenen) bertsoak paratzeko tankera ez zuen gogoko eta bere garaiko erdal hizkuntzen frantses, italiano eta gaztelaniaren eta areago, bere garaiko baino aurreragoko erdi aroko latin hizkuntzaren metrikaren legeak eta arauak ezarri nahi izan zizkion euskal bertsogintzari ere.

Hau esatean ez gara iritzira ari: berak diosku asmo horrek eragin ziola bertsoak neurtitzak ontzera.

Eredu ziratekeen hizkuntza horien metrikak, ordea, ez zituen aizatu behar, eta ez zitzakeen aiza, betidaniko euskal metrikaren arrasto guztiak.

Ez zen hori ere Oihenarten iritzia.

Zein lege eta zein arau hartu, hortaz, hizkuntza horietatik?.

Zer dakarte Oihenarten iritziek, eta areago dena, Oihenarten neurtitzek berri deritzakeguna eta zer dute zaharra eta betikoa dena?.

2. Euskal metrikarekiko iritziak haren izkribuetan oso hitz gutxitan ditugu emanak, rimaz esaten dituenak alde batera uzten baditugu batipat.

Gutxi horietan dioena gogoan hartu gabe, ordea, ezin dakioke inor Oihenarten metrikari ekin, bere olerkietan iritzi horiei zegozkien arauak eta erregelak berak emanak eta berak erdi-asmatuak betetzeko eredua eta modua agertu baizik ez baitzuen egin.

Horrexegatik ez du ere bere burua poetatzat jo eta inork jo dezan nahi izan.

Bertsoak nola egin behar diren ari zaigu, maisu gisa, irakasten.

Hona zer dioen euskal neurtitzek hala deitzen ditu berak bete behar omen dituzten kondizioei buruz (rimari dagozkionak baztertu egingo ditut oraingoz, ez baitute horiek zer ikusirik lan honetan agertu eta erabili nahi dudan gaiarekin): .

Lafitte jaunak duela urte gutxi lehen aldiz argitara zuen Oihenarten beraren L?Art Poetique Basque-n, Mauleko poetak berriro gomendatzen dizkigu arau horiek, elisioa eta sineresia zer diren agertuz; halere liburuxka osoan barrena rimaz eta ahapaldiez mintzo zaigu gehienbat.